Korrika Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) Euskal Herri osoan zehar egiten duen euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen 1.go Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordutik 14 Korrika eta 26 urte igaro dira.
Aurten ere, 10 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du berriz ere Korrikak. 2.356 kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe. 600.000 lagunetik gora izan dira parte-hartzaileak aurreko Korrika edizioetan.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa. Ordura arte sekretupean gordetzen den mezua.
Nork antolatzen du?
AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakundeak. Hori lortzeko helduen euskalduntze alfabetatze alorra jorratzen du: ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, kultura ekitaldien antolakuntza eta euskararen aldeko kontzientziatze kanpainak.
AEKren lehenengo pausuak
Lehenengo alfabetatze-taldeak 1965 inguruan sortu ziren, eta urte hartan antolatu zen alfabetatzearen aldeko lehenengo kanpaina. Alfabetatzen taldeak Euskal Herri osoan sortzen ziren neurrian, alfabetatze-arloa jorratzeaz gain, euskararik ez dakiten euskal herritar multzo handiari euskara irakatsi beharra agerian geratu zen. Horixe izan da AEKren zeregina. Halaxe sortu ziren gau-eskola izenekoak. Mugimendu hori guztia Euskaltzaindiak babestu eta bultzatu zuen.
Gaur egun, AEK helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, administrazio-banaketak gaindituz, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra. 100 bat euskaltegi eta gau-eskola eta 500 bat irakasle ditu.
Documento sin título
Korrikaren bulegoak
NAFARROA Errekoletak, 16 behea 31001 IRUÑEA
Tel: 948 211 315
Fax: 948 221 450 nafarroa@korrika.org