Korrika 16ren unitate didaktikoa aurkeztu da gaur, otsailaren 23an, Bilboko Kalderapeko kultur gunean. Korrika 16k eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak elkarlanean burututako lanaren emaitza da Euskal Herriko ikastetxe guztietan banatuko den material didaktiko hau.
Aldi berean, bere atxikimendua azaldu dio Ikastolen Konfederazioak Korrika 16ri. Aurkezpenean Edurne Brouard Korrika 16ren arduraduna, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria eta Maider Etxaniz Euskaraz Bizi lan-taldeko kidea izan dira unitatearen nondik norakoak azaltzen.
Unitate didaktikoa deitzen duguna 10 egunerako prestatutako Korrikari buruzko material didaktikoa da. Eta ikastetxeetako ikasle guztiei, haur hezkuntzatik 18 urtera arte, zuzenduta dagoenez, eduki horien moldaketa eta egokitzapena Ikastolen Elkarteko didaktika taldearen esku egon da.
Guk, AEK-k eta Korrikak, gure aldetik, esan nahi dugu materialaren irudia sortzeaz, argitaratzeaz eta gastuari aurre egiteaz arduratu garela. Baita unitate didaktikoaren zabalkundeaz ere; eta Korrikaren web-gunean, www.korrika.org webgunean, mundu guztiaren eskura jartzeaz gain, Euskal Herri osoko ikastetxe eta ikastoletara bidali dugu CD bana material didaktiko eta osagarri guztiekin.
Korrikak beti jaso izan du asko euskal gizartetik, eta bere nahia eta filosofia da trukean zerbait ematea ere. Kasu honetan, eskoletan irakasleek korrika txikiak antolatzen egiten duten lan handia eskertzeko modu bat da unitate didaktikoa.
Korrika 16k eskerrak eman nahi dizkie, beraz, unitate hau egiten eta zabaltzen lagundu diguten guztiei, eta batez ere Ikastolen Elkarteari.
Enviado por: Korrika en Lunes, 23 Febrero, 2009 - 06:19 AM